skip to Main Content
info@beterrikm0.eus 688 849 540
Beterri Km 0 Aurkeztu Dute

Beterri Km 0 aurkeztu dute

Beterri-Buruntza eskualdeko nekazal eta merkataritza sektoreak suspertzeko helbururarekin sortutako Beterri Km 0 estrategia aurkeztu dute gaur Hernanin.

Beterri-Buruntza Udalak-eko lehendakari den Jon Zulueta, Hernaniko tokiko garapenerako agente den Andoni Egiak, Karabeleko-ko Oier Iurramendik eta Behemendi-ko Juan Kruz Alberdik eman dituzte proiektuaren xehetasunak.

Hernani, Urnieta, Usurbil, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Andoain herriek osatzen dute Beterri-Buruntza eskualdeko nekazal sektorea, merkatal sektorea eta hostalaritzaren sektorea sustatzeko proiektua. Jon Zuluetak azpimarratu duenez: “eskualdeko jantoki publiko guztietan klausula anbientalak ezarri eta tokiko administrazioek bertako ekoizpena kontsumitu, erabilgarriak diren lur publikoak nekazaritzara bideratu, eta sektorea sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskaintzeko konpromezu publikoa hartzen dugu publikoki“.

Andoni Egiak azaldu duenez, proiektua elikadura burujabetza lortu eta garapen endogenoa sustatzeko norabidean kokatzen da. Bere hitzetan, “proiektu hau eskualdeko ekoizle, merkatari, hostalari eta administrazio publikoaren artean modu partekatuan egin den estrategia bat da, eta dei egiten diegu oraindik sare honetako kide ez diren nekazari, merkatari eta hostalari guztiei bertan izena eman eta sarearen parte izatera.

Ekonekazaritzaren arloko etxalde esperimentala den Karabeleko-ko Oier-ek hartu du hitza jarraian. Azaldu duenez, “Beterri Km0 zigilu bat baino gehiago, sare moduan ulertzen dut, herritarrak, instituzioak, merkatariak eta lehen sektorea elkartuko dituena”. Une honetan eskualdeko bederatzi ekoizle daude inplikatuta eta sarea hazten ari da. Produktu ezberdinak ekoizten dituzte, gainera: barazkiak, frutak, esnea, gazta, arraultzak, oilaskoak, mermeladak, kontserbak, … Datozen hilabeteetan katalogo zabala osatzea dute helburu.

Azkenik, Behemendi-ko Juan Kruz-ek azaldu du “nekazariak sortzea” dela proiektuaren beste hanka bat. “Nekazaritza lanbide egokia izan daiteke, baldintza egokiak planteatzen badira; baita kaletarrentzat ere“ gehitu du. Herri lurrak eta lur pribatuak identifikatzea da beste ildoetako bat, ondoren beren ogibidea nekazaritza izatea nahi dutenen esku uzteko.

Beterri Km0-ren pegatina erakusten duten jatetxe, jantoki publiko, denda zein tabernetan bertako produktuak kontsumitu ahal izango dira hemendik aurrera. www.beterrikm0.eus webgunean ezagutu daitezke xehetasun guztiak eta proiektuaren parte diren ekoizleak.

#GureanBertakoa

Back To Top